Honatx Kataluniako auziaren irtenbidea: Gora Katalunia surrealista!
Abuztuan ere, Katxonderstango Errepublikako seme-alaba kuttunen izendapena egin dugu.
Dakizuenez, hilaren amaieran hilabeteko seme/alaba kuttuna(k) izendatzen d(it)ugu.
Horretarako, ezinbestean hiru baldintza hauek bete behar dira:
– Ezohiko gauza bat egitea
– Egindakoa katxondeoz egitea
– Eta barrea eragitea
Eta abuztuan oso argi izan dugu zeini eman saria/izendapena: abuztuko Katxonderstango Errepublikako seme kuttuna PERE CARDÚS Kataluniako kazetaria da.
Izan ere, Perek umorean oinarritutako irtenbidea aurkitu dio Kataluniako kontsulta/erreferendum/galdeketa/dena delakoaren auziari. Perek “Tu ja m’entens” formula proposatu du. Nik “Badakizu” erabili dut, kontzeptua ulertzeko.
Hona hemen irtenbidea:
[Kataluniako] Gobernuak edo Parlamentuak kontsulta egin dezake, baina soilik bere eskumenekoak diren gaiei buruz. [..] Hortaz, lege horiekin, ezin duzu zuzenean independentziari buruz galdetu.
[Horren aurrean] “Badakizu” formula erabil dezakegu. […] Hauxe da ideia: Gobernuaren eskumenekoa den gai bati buruzko kontsulta egitea. Adibidez, erlezaintzari buruzkoa. Gero, adostuko genuke galderen erantzunak abenduaren 12ko akordioaren berdinak izatea. Hau da, galdera hau izan liteke: “Nahi al duzu Gobernuak aurreikusitako neurriak indartzea Asiako liztor harrapakaria hiltzeko?”. Eta “Bai” erantzuten baduzu, bigarren galdera: “Nahi al duzu neurri horiek 2014. urtea amaitu aurretik hartzea?”. Asiako liztorrari buruzko kontsultaren kanpainan, hipotesi politiko bakoitzak aukera emango luke berea defendatzeko.
[…] Kontsultaren emaitza, juridikoki ez da loteslea, Parlamentuak onartutako kontsulten legearen arabera. Beraz, indarra emango diona emaitza bera izango da.[…] Azken batean, herriaren hitza delako hartu behar da kontuan inkestaren emaitza, eta hori, demokrazia serio batean, loteslea da beti.
Espero dut zutabe hau irakurtzen duenak ulertzea zertan datzan proposamena: jolasa da, hausnarketa eta ausardia bultzatu nahi duen jolasa. Nolanahi ere, nire asmoa ez da atentzioa beste toki batera eramatea edo kontsultaren aldeko indarra moteltzea. Espainiaren iruzurra saihesterik badaukazu, hobeto. Baina desobedientzia zibila saihestezina izan liteke.
Eta hau demokrazia bada, saihestezina izango da”.
[Pere Cardús, “La fórmula secreta per a esquivar l’embat espanyol i fer la consulta el 9-N”, Villaweb, 2014-08-28.
Jatorrizko testua katalanez dago. Itzulpena nirea da]